Gaur berton, arratsaldeko 19:00etan, argitaletxea EDO!k liburu berri baten aurkezpena egingo du: Mariama Bâren Hain gutun luzea nobela. Lana Iokin Otaegik itzuli du eta Josune Muñozek egin dio hitzostea. Aurkezpena Bilboko Skolastikan egingo dute.
Afrikar literatura garaikidearen ikurretako bat da Hain gutun luzea. Nobela honen bidez Afrikako tradizio eta modernitatearen arteko uztardura zertan den jabetuko gara. “Ramatulayeren begiradari eta ahotsari esker, irakurleak poligamiaren esperientzia hurbiletik biziko du, baita Senegalgo errealitatearen beste ertz zenbait ere: kolonizazioa eta deskolonizazioa, familia eta emakumeen eskubideak, hezkuntza eta eguneroko bizimodua… Nitik gurantz edo, alderantziz, orokorretik partikularrerantz abiatuta, Ramatulayeren ahotsak garai hartako Senegalgo emakumeen istorioa eta historia gorpuzten ditu”.
Mariama Bâ (1929 – 1981) Dakarren jaio zen maila altuko familia musulman batean. Emakumeen eskubideen aldeko borrokan aitzindari izan zen. 1979an idatzi zuen lehen eleberria, Hain gutun luzea. Nazioarteko sona eman zion eta hainbat hizkuntzatara itzuli zen nobela. Un chant écarlate bigarren eleberria argitaratu aurretik hil zen, 1981ean.
