Nontzeberri

Maria Arnal I Marcel Bagés, Bilboko Kafe Antzokian

Bihar, Maria Arnal I Marcel Bagés bikotea arituko da Bilboko Kafe Antzokian, 22:00etatik aurrera. Bikoteak disko bakarra argitaratu dy, 45 Cerebros y 1 Corazón, baina sekulako harrera ona izan du. Grabazioan folklorea, pop elektronikoa, fonotekako artxiboak, landa-grabazioak eta hitz poetiko eta kritikoak biltzen dira. Hala, 2016an, bikote katalanaren lana laudatuenetarikoa izan zen.

Aipatutako diskoaz gainera, iraupen laburreko beste bi disko dituzte: Verbena eta Remescles, Acoples I Melismes.  Bikotearen unibertsoan askotariko sortzaileen eraginak biltzen dira: Kate Tempest musikaria, Lewis Carroll idazlea, Alan Moore komiki-gidoilaria, Arca, Bjork musikariaren ekoizlea edo Alan Lomax etnomusikologoa.

Lomax, hain zuzen, bikotearen eragin azpimarragarriena da.  “Belaunaldien artean harreman musikala errazten duten pertsonak nire miresmen guztia dute. Bere historia oso inspiratzailea da, musikari balio emateko diolako, bizi-premia gisa”, dio Mariak. “Lomaxek liluratzen gaitu”.

Bikotearen kontzertuak, bestalde, oso espontaneoak eta dibertigarriak dira. “Bai, gai sakonak tratatzen ditugu, baina oso freskoak gara. Emozio handiko abestiak kantatzen ditugu, baina horrek ez du esan nahi uneoro melankoniatsu gaudenik, kar, kar”, dio Mariak.

Hala, zuzenekoek zerikusi dute diskoarekin, eta kantu bakoitzaren aurretik Mariak egiten dituen sarrerek bere biziko garrantzia hartzen dute. Gogoratu, bihar Bilbon izango dira, Kafe Antzokian.

Exit mobile version