Nontzeberri

‘Marea Gora’: Loraldia Plazaren 4. edizioa Zaratamo eta Arrigorriagan

Hasia da dagoeneko euskal sormen garaikidea eta anitza bultzatzen duen Loraldia Plazaren 4. edizioa. Jaialdiak diziplina artistiko ezberdinak eskaintzen ditu egitarau bizi batekin, musika, dantza, antzerkia eta esperientzia digitalak uztartuz. Zaratamok eta Arrigorriagak gozatu ahal izango dute irailaren 26ra arte jaialdiaren programazioaz.

Laugarren edizio honek, euskarazko sorkuntza artistikoa zabaldu eta kultur transmisioa aktiboki sustatzea du helburu. Diziplina ezberdinen arteko fusioaren bidez publikoari esperientzia bakarrak eta berritzaileak eskaintzeko nahia du aurtengo edizioak eta, era berean, programazioak zubiak eraikitzen ditu belaunaldien artean, ibilbide luzeko artista sagaratuak eta talentu berriak eszenatoki berean elkartuz.

Aurtengo leloa, ‘Marea Gora’, adierazpen sendo bat da. Euskal kulturaren bizitasunaren, erresilientziaren eta garai berrietara egokitzeko gaitasunaren metafora da, eta jaialdia aldarrikapen honen ospakizuna dela babesten dute eragileek.

Aurtengo edizioak publiko zabal batentzako diseinatutako programazioa dakar, tradizioa eta abangoardia batzen dituena. Musika eta memoria ardatz nagusitzat izanda, “Itoiz Udako Sesioak” dokumentalaren emanaldiarekin bat, Juan Carlos Pérez taldeko liderra zenarekin solasaldia eskainiko da. Bestetik, euskal kantagintzako beste erreferente handietako batek, Ruper Ordorikak,  bere lanik intimistena aurkeztuko du ‘Bakarka II’ kontzertu akustikoarekin.

Dantzak eta fusioak ere muga artistikoak gaindituko dituzte eta Meñakoz Dantza Taldeak suaren inguruan eraikitako ikuskizuna eskainiko du. “Arima” proposamenak, kulturarteko elkarrizketa hunkigarri batean, flamenkoaren pasioa eta txalapartaren erritmo sendoa batuko ditu. Antzerkiak ere bere lekua izango du jaialdian eta, ikuspegi berri batetik Mikel Laboaren unibertsoa esploratuko da  “Ai gure juaneteak” lanean.

Informazio gehiago hemen.

Exit mobile version