Nontzeberri

Marcelo Escrich Silent Trio, Donostian eta Iruñean

Marcelo Escrich Silent Trio Euskal Herriko bi hiri nagusitan arituko da egunotan: Donostiako Tabakaleran, martxoaren 1ean, eta Iruñeko Zentral Jazz zikloaren barruan, martxoaren 9an.

Nafarroako Goi mailako Musika Kontserbatorioko korridoreetan gorpuztu zen talde hau, bertan ematen baitituzte eskolak taldekideek. Errabalen hitzetan, “Gitarrak, saxoak eta kontrabaxuak osaturiko hirukoteak soinuen kolore paleta aski aberatsa eskaintzen digu, nahiz eta erritmo harmoniatsu zorrotza aplikatzea eskatzen digun geure ideia entzuleengana helarazteko. Gure borondate bakarra da musika oroitarazlea ontzea, ñabardurez betea, entzuleengan erreakzio positibo adierazezinak eragiteko xedearekin”.

Lehenengo proiektu honetan Charlie Haden musikagileari omenaldia egin nahi izan diote, kontrabaxu jotzaile handia zen eta “haren konposizioak pixkana-pixkana iritsi dira gurera, eta lan horiek bere ahotsaren zerbitzura onduak izan direla esan behar dugu” adierazi dute taldekideek.

Hala, egun horietan,  Marcelo Escrich Silent Tríok Charlie Haden Songbook izeneko lanaren piezak haizatuko ditu.

Exit mobile version