Bilboko FAS zineklubak Un dia perfecte per volar (2015) filma pantailaratuko du gaur, El Carmen aretoan, 19:45ean. Pelikularen zuzendari Marc Rechak aurkeztuko du emanaldia.
Horrekin batera, George Todriá zinegilearen Lost village film laburra pantailaratuko da, Korten! Fas jaialdiaren baitan.
Un dia perfecte per volar filmak hauxe kontatzen du: Kostaldetik gertu dagoen lurralde bakarti batean, haur bat kometarekin ari da jolasean. Haize bolada baten ondorioz, kometa zuhaitz artean nahastuko zaio, eta haurrak helduaren laguntza beharko du kometa askatzeko. Hala, haurrak eta helduak, biek batera, naturan galduta, milaka ataldun ipuinaren narrazioa abiatuko dute.
Haurtzaroko giroarekin bustitako lan interesgarri honetan, askotariko generoak uztartzen dira: abenturazko komedia familiarra, tragedia soziala, ipuin psikologikoa eta terrorezko ipuina; errealitatea eta fikzioa bat eginez.
