Atzo hasi ziren IV. Pentsamenduaren Poesia jardunaldiak Donostian hainbat poeta elkartuko zituen errezitaldia dela medio, Leire Bilbao, Miren Agur Meabe, Igor Estankona, Manuel Rivas eta Edu Zelaieta, hain zuzen ere.
Jardunaldiok gaur amaituko dira Manuel Rivas idazlearen Finisterre de la poesia izeneko hitzaldiarekin. Hitzordua San Jeronimo kaleko sotoan izango da, 19:30ean. Juan Ramon Makusok, halaber, idazle galiziarra elkarrizketatuko du.
Rivasek (Coruña, Galizia, 1957) bederatzi poesia liburu idatzi ditu, narrazioengatik ezagunagoa den arren. Horrez gain, kazetaritzan ere aritzen da eta galizieraz idatzi ditu bere lan gehienak. Atzoko errezitaldian A desaparición da neve (Elurraren urtzea) poemategiko hainbat olerki errezitatuko zituen.
Bestalde, ekimenaren antolatzaileek jardunaldion harira plazaratu duten manifestuan adierazi dutenez, “Garbi dago hiria gauza naturaletako bat dela, eta gizakia izaeraz hiriko animalia. Horrela dio Aristotelesek bere Politikan. Eta hitz hauek poesiaren jardunarekin uztartzen dira: hitzaren bitartez zizelkatzen du poetak bere errealitatea, polisan, agoran, hiriko plazan”.