Nontzeberri

Mangamore jaialdiaren bosgarren edizioa Zornotzan

Urriaren 14tik 16ra Mangamore jaialdiaren bosgarren edizioa egingo da Zornotzan. Mangamore Jaialdia 2007an sortu zen, Ametxek (Amorebieta-Etxanoko Udalaren Kultura zerbitzuetarako erakundea) antolatuta, kultura honek biltzen dituen diziplinetan eta beste diziplina osagarri batzuetan gero eta interes handiagoa duten gazteen beharrizanei arreta emateko.

Hainbat jarduera burutuko dira Zelaieta Zentroan jaialdiak dirauen artean. Hitzaldiak eta kontzertuak ez ezik, koreografia- eta musika-lehiaketak, proiekzioak eta Japongo kirolen erakustaldiakĀ  ikusgai izango dira.

Baina jaialdian zehar denetarik egongo da, mila kontu hango kultura hona hurbilarazteko. Jaialdiaren edizio honetan Cosplayren presentzia (manga edota anime pertsonaia errealaren gisa, edota mundu horretako pertsonaia batean inspiraturik janztea) bikoitza izango da: erakustaldia batetik, eta nazioarte mailako lehiaketa bestetik, Metamorfose izenaz.

Japongo lurrikara eta Fukushimako zentralean gertatutako ezbeharra aintzat harturik, ekialde urruneko herri horrekiko solidaritatea adierazteko gunea egokituko da. Mural bat ere izango da bertan, etorkizunerako desioak, Japongo biktimak oroitzeko hitzak edota laguntza-mezuak idazteko parada emango diena bisitari guztiei.

Jaki japoniarren Fast Food bat ere izango da jaialdian, bai eta Maid Kafetegia ere bai, Japongo kaferik onenak eta gozoki tipikoak dastatzeko.

Tailerrek protagonismo berezia izango dute Mangamoreren programazioan. Besteak beste direla, Lolita esku-lanen tailerra (begiztak, paparreko orratzak diademak, etab.) azpimarra daiteke, Kamikaze Factorykoek emango duten manga marrazkien tailerra, idazkera japoniarraren ikastaroa, Origamiak egitekoa, xake japoniarrarena, anime eta manga pertsonaien bikoizketarena, eta abar.

Informazio gehiago nahi izanez gero edota egitarau osoa ikusteko, ekimenaren webgunea bisita daiteke.

Exit mobile version