Nontzeberri

“Mami Lebrun” antzezlana, gaur Victoria Eugenia Antzokian

Gaur, martxoaren 27an, eta Antzerkiaren Nazioarteko Eguna dela eta, Victoria Eugenia Antzokian, Xake Produkzioak konpainiak Mami Lebrun antzezlana egingo du. Mami Lebrun antzezlanak lortu zuen Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko XVIII. Donostia Antzerki Saria. Lan hori izan zen 2017an, Donostian, antzerki konpainia profesional batek euskaraz eta helduentzat eskainitako antzezlanik onena.

Epaimahaiaren esanetan, sorkuntza handiko lana izateaz gain, energia handikoa da eta ikuslea hunkitzea lortzen duena. Horrez gain, elementu asko uztartzen asmatu dute: dantza, musika, umorea, hunkigarritasuna, hurbiltasuna eta abar. Euskararen erabilerari dagokionez, lan biribila da, besteak beste, pertsonaiak bereizteko euskalki desberdinak erabili dituztelako.

Hortaz joan den urteko Donostia Antzerki Saria ikusteko parada izango da gaur. Getari Etxegaraik zuzenduriko obrak hauxe kontatzen du: Egoitz eta Miren amona Kontxa hil berriaren omenaldia prestatzen ari dira. Amonaren etxeko ganbaran aurkitutako eguneroko batzuetan oinarrituko dira, Kontxak gaztetan Pariseko Cabaret batean bizitakoak kontatzeko. Horixe izango da omenaldiaren ardatza. Hala ere, Mireni kontatu ez dion sekretu bat dauka Egoitzek…

Kepa Errasti, Ane Pikaza eta Ainara Ortega aktoreek gorputza emango diete pertsonaiei.

Exit mobile version