Nontzeberri

Makina bat proposamen ikusgarri aurtengo “Loraldia Festibalean”

Loraldia Festibalaren 8. edizioak Bilbo euskal kulturaren hiriburu bilakatuko du beste behin, Hautsi zen anphora! lemarekin.

Martxoaren 7tik 27ra Bilboko 15 gunetan 26 ekintza ezberdin egingo dira publiko orori begira. Mota guztietako diziplinaz gozatzeko abagunea izango da: musika, dantza, teatroa, literatura, bertsolaritza, artea, hiri-kultura, dastaketak,… Eta ikusgarri horietan guztietan euskal kulturako zenbait erreferente izango dira gogoan, hala nola: Mikel Laboa, Juan Carlos Eguillor, Eulalia Abaitua. Horiekin batera, egungoak oholtza gainean: Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Maddi Oihenart, Uxue Alberdi, Aukeran Dantza Konpainia… besteak beste.

Hautsi zen anphora! da aurtengo lema. “Duela lau hamarkada luze Bernardo Atxagaren Etiopia lehen liburutik abiatuta, Ruper Ordorikak lan horretako hainbat poema kanta bihurtu zituen eta Hautsi da anphora aurkeztu zuen. Berritzaileak diren poema eta kanta haiek badute zer konta gaurko garaietan. 1980an bezala, iraganarekin hausten dugu eta mila ispilutan gure sormen garaikidea islatzen da. Izan ere, Hautsi da anphorari lau hamarkadako hautsa kendu diogu eta eszenaratuko dute Ruper Ordorikak & Mugalarisek, Bernardo Atxagak gaurko begirada literarioa irakurtzen duen bitartean. Geroari begiratzen dion sormena da. Pott Bandaren garaian bezalaxe, geroa gaur izango dugu.”

Aurtengo edizioan Loraldiak gazteei eta talentu berriei plaza eskainiko die Zorrotzaurreko irlan, euren sormena zertan den ikusarazteko. Loraldia Terminala izena hartu du gazte-sormenari eremua eta plaza eskaintzen dion atalak.

Eta betiko legez, Loraldia Kultur Elkarteak aurtengo jaialdirako espreski sortutako hainbat ekoizpen propio aurkeztuko ditu, beti ere, euskaraz egindako kulturaren zabalkundean eta emakume sortzailearen aldarrikapenean jarritako begirada pean.

Egunez eguneko proposamenak eta ikusgarria Loraldiaren programan ikusi ahalko dituzue.

Exit mobile version