Alberdania argitaletxeak euskarara ekarri ditu Elisa Levi idazlearen Nik ez dakit beste gauza batzuen berri (Itzultzailea: Irene Aldasoro), Nelly Arcan idazlearen Puta (Itzultzailea: Miel A. Elustondo), Abdela Taia idazlearen Zure argitan bizitzea (Itzultzailea: Patxi Zubizarreta) eta Alain-G. Gagnon idazlearen Legitimitateak talkan (Itzultzailea: Aitor Blanco Leoz) lanak.
Elisa Levi idazleak “munduaren ustezko amaieraren zain dauden pertsonaien bidez, basoari errespetua baino izua dioten herritarren bidez, herritik kanpo etorkizunik ez dagoela uste duen jende talde baten bidez osatu du harribitxi hau.”
Nelly Arcan idazle quebectarrak autofikziozko ariketa harrigarria egiten du, Montrealen luxuzko prostituta baten testigantza islatzeko. Narratzailea nekatua da gizonena izateaz, haiek bakarrik deskribatu, asmatu eta irudikatua izateaz. Psikoanalistari egindako aitorpen moduan aurkeztuta, Arcanen istorio urragarria ez da exhibizionismo lizun baten ondorio, ezta autoerrukiaren ondorio ere; aitzitik, gogoeta soziologiko eta filosofikoko testu bat da.
“Liburua, beraz, ez da lekukotasun hutsa, ezta fikzio hutsa ere, gerra dantza bat baizik, eta aldi berean, balentria literario bat.”
Abdela Taia idazleak honakoa dio: “Idazle bihurtu nintzen egun batean nire ahotsa eta nire luma nire amari eskaintzeko. Gure bi ahotsek bakarra osatzen dute. Zure argitan bizitzea ez da nire amaren gorazarre bat. Liburuak hitz egiten du benetako emakume marokoar bati buruz, pobrea, Frantzia kolonizatzaileari eta botere marokoarrari erronka egiten diena.
Alain-G. Gagnonek, bere aldetik, begirada berri bat eskaintzen die gehiengoen eta gutxiengoen arteko harremanei, eta, aldi berean, aurrerapen teorikoak aztertzen ditu, bai ikasketa federalen alorrean, bai nazionalismo garaikideenean. “2020-2030eko hamarkada egokia izan liteke federalismo multinazional bat sortzeko nazioarte mailan. Estatu berrien sorreraren aurrean potentzia handiek eta nazioarteko erakundeek bizi duten deserosotasun gero eta handiagoaren aurrean, federalismo multinazionala aztertzeak berebiziko garrantzia du une honetan. Gaur egun, funtsezkoa da errebindikazio-gatazkak legitimitatearen kontzeptuan oinarritzea, estuegia gertatzen den legezkotasunaren kontzeptuan oinarritu ordez.”