Nontzeberri

Makina bat jarduera egingo dituzte Tabakaleran berritze obrak hasi baino lehen

Tabakalerak antolatu dituen jarduerak adin guztietako publikoari zuzenduta daude eta askotarikoak dira. Hasteko hilaren 22tik 29ra bitartean, bisita gidatuak egiteko aukera izango da. Eraikina egungo egoeran ikusteko azken aukera izango da, baina bisita horietan etorkizuneko fabrika nolakoa izango den ere azalduko diete. Bisita gidatuen abiapuntua Tabakalera proiektuarekin lotutako zenbait bideo erakusten dituen gunea izango da. Morgan Creativos-ek sortutako bideo nagusi batek, proiektuaren garapenean parte hartu duten hainbat pertsonen lekukotzak biltzen ditu, besteak beste, zinemagileak, artistak, erreferentziazkoak diren kultur zentroetako ordezkariak, eta abar. Horretaz gainera, beste obra batzuk ere ikusi ahal izango dira.

Maiatzaren 26an eta 28an, eraikina modu ezberdin batean bisitatzeko aukera izango da Ezagutu Tabakalera Gauez ekimena dela medio. 21:30etan antolatuko dituzte bisita gidatu hauek.

Maiatzaren 22an eta 29an, larunbatean, bost urtetik gorako haurrei zuzendutako bi arkitektura tailer burutuko dira Tabakaleran. Eraikinaren berritze lanekin lotutako jarduera hau, Mauhaus / Estudio Rulot-eko arkitektoek zuzenduko dute, eta arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara izango da. Ez da beharrezkoa izango izena ematea, nahikoa izango da aipatu orduan gerturatzea.

Bihar Arte! Festa lelopean, hilaren 29an musika emankizunekin atonduriko festa egingo dute. 19:30etan Ornitorrinkus proiektuak emanaldia eskainiko du. Maialen Lujanbio bertsolariak, Judith Montero saxofoi jotzaileak eta Xabier Erkizia musikari esperimentalak osatutako ekimenak, bertsoa (hitza) musika garaikide eta elektronikoarekin uztartzen ditu. 21:30etatik aurrera Itxiera Festa izango da. Honatx bertan ikusi ahal izango diren emanaldiak: 21:30ean Julian Cobzaru hirukotearen kontzertua; 22:00etan Kaabestri harizko laukotearen kontzertua, IgorTorrek zuzendua; 23:00etan Kurando Shoji eta Javi P3z Gabon Japon musika eta bideo hautaketa; eta, azkenik, 2:00etan Los Chets: Chet Bakerren omenezko kontzertua.

Tabakalerak bidalita

Exit mobile version