Berlinen finkatuta dagoen Maki Na Kamura pintore japoniar kotizatuaren Horizon, rainbow and horizon (Zerumuga, ortzadarra eta zerumuga) izenburuko erakusketa paratu du Bilbaoarte zentroan, martxoaren 6ra arte. Pintura-erakusketarekin batera, Hitoshi Matsumoto eta Kenji Mizoguchi zinegileei buruzko zikloak ere antolatu ditu Bilboko arte-zentroan.
Pintore japoniarrak, kolorez betetako paisaia “zirraragarriak” bildu ditu erakusketan. Arte-adituek poesiarekin lotu dituzte Maki Na Kamuraren paisaiak.
Hala, Kosme de Barañano erakusketaren komisarioaren arabera, “Maki Na Kamurak honela definitzen du pintura: irudiei emozioa emanez gogobetetasuna topatzen saiatzen den artista kontentagaitzak egindako ahalegina da. Itxuren eta haiek interpretatzeko zailtasunen kontra, Maki Na Kamuraren poesia piktorikoak ahalmen espiritual sakona dauka: haren margotze-lanaren subjektua da pintura”.
Erakusketaren izenburuaren harira, artistak berak ondokoa azaldu du: “Zerumuga hor dago soilik noizbait margolari batek irudikatu zuelako. Hala, zerumuga, ortzadarra eta zerumuga konbinazioa ez da ezinezkoa”.