Bilboko Deustu auzoan dagoen La Fundicion aretoan, Ganbera rock izeneko zikloa egiten ari dira. “Hainbat rock banda eta bakarlarik euren musika erakutsiko dute formatu akustikoan”, iragarri dute programa horren arduradunek.
Hala, gaur bertan, 19:30etik aurrera, Makala Jazz Funk Band-ek joko du. Makala DJ zarauztar ezagunak zuzendutako proiektua da Makala Jazz Funk Band. Orrua eta Passion Fruit EPen ostean, Xake! izenburuko lan luzea plazaratu zuen iaz.
Diskoan askotariko erritmo beltzekin jositako doinuak entzun daitezke (jazz, rhytham and blues, groove-funk, disco-soul…), euskaraz, ingelesez eta frantsesez abestuak. Zenbait bertsio ere bildu dituzte, tartean, The Young Holt Trio-ren Wack wack dantzagarria.
Maiatzaren 12an, halaber, Still River taldeak joko du, eta ekainaren 9an, azkenik, Raperos de Labranza-k.
Informazio gehiago: lafundicion.org.