Maite Gurrutxagak Alderik alde ilustrazio liburua argitaratu du Argitaletxea Edo! argitaletxearekin. Formatu bereziko lana da: gomaz itxitako tamaina txikiko azal gogordun koaderno beltza da. Kaiera hori zuri eta beltzezko irudiekin josita dator, batik bat; liburuxka marrazkiz mukuru dago: zirriborroak, bozetoak, esperimentu piktorikoak…
Autorearen hitzetan, “marraztea beharrezkoa dut. Ia-ia egunero, egunero ez bada. Batzuetan proiektuak izaten ditut esku artean, ipuinak, testuak… besteetan ez. Hau bezalako liburuxkak, ordea, bozeto edo zirriborro liburuak, beti izaten ditut ondoan. Asko ikasten dut haiekin, norantz joan nahi dudan, eta nola. Gauzak deskubritzen ditut, eta atzera berriz begiratzen ditudanean elkarrizketak ikusten ditut; marrazkiek elkarri hitz egiten diote, eta niri ere bai. Dagoeneko badut gisa honetako liburuxka sail bat, eta hemen ikusi duzuen hau, haien konpilazio bat da. Zuzenean, apaingarririk gabe, alderik alde”.
Bestalde, Iñaki Irasizabalek Bizkartzainaren lehentasunak (Elkar) izenburudun nobela beltza plazaratu du. Durangarrak liburu irakurterraza idatzi du, estilo azkar eta arinarekin, Euskal Herriko errealitate politikoan txertatua.
“2011ko uda da: ETAk erabakita dauka armak behin betiko uztea, baina oraindik ez du horren berri ofizialik eman. Aldi berean, erakundearen zuzendaritzan poliziak infiltraturik eduki duen satorra agerira atera da, eta hura diskrezioz zaintzea erabaki du Barne Sailak, Bilboko Errekalde auzoko pisu batean. Martin Goena, garai batean militante armatua eta gaur zinpeko guarda denak egingo ditu bizkartzain lanak. Lan erraza dirudi, praktikan sueten egoeran bizi baitira, baina kolore askotako jendea egon liteke interesatuta aukera hori zapuzteko”.