Maitasunaren aurrean ditugun beldurretan sakontzeko asmoz, Ixo Teatroa konpainiak Eros izeneko pieza egingo du Arriaga Antzokian, gaur, hilak 19, 19:30ean hasita. Arnatz Puertasek idatzi eta zuzendu du obra hau, non maitemindu-bikote bat eta haien arteko harremanaren inguruko segurtasun ezak presente egiten diren.
Ba al da maitasunaren maskarei buruz hitz egiteko maskara-ikuskizun bat sortzea baino modu hoberik? Hori demostratu nahi izango dute oholtzan arituko diren Aitor Echarte, Nagore Cenizo-Arroyo, Leire Ormazabal, Itxaso Gile eta Luix Mitxelena aktoreek.
Bi maitemindu maskaratuen istorioa da Eros. “Eros, maitasunaren jainkoaren gezi-kolpetik hasita, hainbat jainko greziarrek oztopoak jarriko dituzte harremanean, hala nola Ares, gerraren jainkoak, bere eztabaidekin, eta Kronos, denboraren jainkoak, bere monotonia higuingarriarekin, maitasuna tragedia bihurtzeko asmoz.”
Ikuskizun honen bidez, hitzik erabili gabe, ahotsa eman nahi zaie maitasuna zaintzeko bidea zailtzen diguten beldur horiei guztiei.
Mutil batek eta neska batek bikote-harreman bati hasiera ematen diote, biek sentitzen dute elkarren gustuko ez izatearen beldurra, biak kikiltzen dira egia mingarriei aurre egiterako garaian eta biek dute bestearen aurrean zaurgarri azaltzeko lotsa. Horrexegatik maskaratzen dira.
Ixo Teatroa Arnatz Puertas eta Luix Mitxelena aktoreek sortutako konpainia bat da. Dantzerti Euskadiko Arte Dramatikoko Goi Eskolan ikasketak amaitu eta biak Pabellón 6eko Gazte Konpainiako kide izan ondoren, euren ibilbide profesionalean elkarrekin bide berri bat hastea erabaki zuten.