Zorroztasun eta sentsibilitate finez, Mainlander taldeak estreinako disko txundigarria kaleratu du. Mikel Alberdiren eskutik datoz letrak, hitz latz bezain hunkigarriak direnak. Berarekin Balta Etxeberria (teklatuak), Imanol Beobide (bateria), Aitor Huergo (gitarra), eta Josu Azkua (baxua) juntatu dira.
Gaztelupeko Hotsak-eko lagunek adierazi diguten bezala, “Bere pop-rock itxura atsegin, itsaskor eta familiarraren azpian basapiztia arriskutsu eta eder bat izkutatzen baita. (…) Sufrimendua, plazerra, edertasuna, soinua eta isiltasuna bata bestearen barnean bizi dira. Izatea eta ez-izatea bereizezinak dira. Pop doinu goxo baten baitan sufrimenduak lekua badu eta hartaz gozatzea ere badago. Edo, hobe esan, agian hori da benetan eta guztiz gozatzeko modua. (…) Sufrimenduari bizkarra eman gabe, aurre egin eta bere doinu eta hitzak zizelkatzeko buztina bihurtu dute. Musikaren balio sakratua eta aintzineko tradizioekiko harremana aldarrikatuz, pop formatuak sarriegi eragiten duen anestesia kulturala salatu eta baztertzen saiatu dira. Ondorioz, gutxien espero genuen tankera eta unean gure barneak bortizki astintzen dizkigu eta ezinezkoa zaigu azken notaraino atentzio osoa mantentzea”.
Kideak Azpeitiarrak dira eta Mondocane, Jo!, 12 Tribu edota Elvisabuelo moduko taldeetan aritutakoak dira. “Ez dago aurrekaririk eta agian jarraipenik ere ez da izango. Nork daki? Ez dugu datu gehiagorik behar. Agian hobe da honela izatea eta diskoan ezer jakin gabe murgiltzea. Ausardiak oparia dakar beti”.
Taldea, bihar, maiatzak 28, arituko da Azpeitiako San Agustin kulturgunean, 22:00etatik aurrera, disko berria aurkezteko.
