Peru Magdalenak (Berriz, 1980) Egia esan (Elkar) liburua aurkeztuko du gaur, maiatzak 21 Donostiako elkar aretoan. Bertan askotariko testuak uztartu ditu, hala nola, kantuak, olerkiak eta jendearen testigantzak, aita galdu duen semearen istorioa kontatzeko.
Honakoa jasotzen du liburuak: “Aita desagertu zenetik hankamotz dabil Kimu semea. Barruko puzzlea berregin eta aitaren zuztarretaraino heldu guran, aitak aspaldi eginiko bidaia berregiten du, hark bidaian zehar idatzitako koaderno beltza lagun. Aita zoroa, aita artista, aita ganorabakoa, aita bizizalea. Haren lorratzari segika, ezinbestean, norbere barruraino doan bidaia batean murgilduko da Kimu”.
Bestalde, Jon Arretxek (Basauri, 1963) 612 euro (Erein) nobelaren euskarazko eta gaztelerazko bertsioak aurkeztuko ditu maiatzaren 23an Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan.
Toureren sagako bigarren eleberria da lan berria: “Euskal Herriko ghettorik handienean kokatuta dago, Bilboko San Frantziskon. 612 euro instituzioek behartsuenei hilero ematen dieten kopurua da, sanfrantziskotar askoren esperantza bizirik irauteko”.