Sormenaldia 2026 Loraldia Plazaren baitan kokatzen den proposamena da. Aurten Lekeitio eta Markina-Xemein herrietan sei eguneko kultur-programazio trinkoa eskaini da. Hala, ekainaren 24tik 26ra bitartean Lekeition burutu da, eta uztailaren 1etik 3ra, Markina-Xemeinen.
Hortaz egunotan, Markina-Xemeingo programazioari ekin diote Loraldiko kideek. Makina bat kontu izan dira: Zuberoako dantza tailerra (Mixel Etxekopar); Xiberoa Kantuz Loraturik. Txoriekin Hizketan film laburra; Mixel Etxekopar performance musikatua; eta gaur, hilak 3, Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberioren kontzertu ederra programatu dute.
Hortaz, gaur, Uhagon Kulturgunean, 20:00etan, Lur izeneko kontzertua eskainiko dute Maddi Oihenartek eta Juantxo Zeberiok. Proiektu intimo eta hunkigarria da, kantu berriekin eta testu/poesia loturekin.
“Kantu bakoitzak mundu sonoro propio bat osatzen du bere baitan. Sinplea bere oinarrian baina konplexua aldi berean, gizakiaren sakonera begiratzen duena. Musikaltasunaren osagarriak izan dira gitarra elektrikoa, harpa, bateria, elektronika ukitu finak eta beste ehun sonoro batzuk. Bere txikian, disko handi bat. Konposizio eta moldaketa harrigarriak baina pausatuak aldi berean, kantuaren alde beti, Juantxo Zeberiok sortuak”.
