Xilaba Bertsulari Txapelketako bigarren final aitzinekoa Bardozen jokatu da joan den asteburuan. Bertan, Maddalen Arzallus Antia bertsolariak finalean kantatzeko txartela irabazi du. Bere atzetik, Miren Artetxe Sarasolak eta Xumai Murua Berrak egin dute bigarren eta hirugarren. Datorren larunbatean final aitzinetako azken saioa jokatuko da Izpurako Faustin Bentaberri aretoan.
Beste aldetik, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako laugarren kanporaketan Oihana Bartra izan zen onena Aissa Intxausti Aburruza, Paule Ixiar Loizaga Legarra, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Arkaitz Zipitria Mendizabal eta Koldo Gezuraga Seijido bertsolarien aurretik.
Hurrengo saioa Elorrion izango da, datorren larunbatean, hilak 30.
Eta Bizkaitik irten gabe, gaur jokatu da Gueñesen, Bertsolari Gazteen XXIX. BBK Sariketaren 3. kanporaketa. Lea Artibai taldeak irabazi du eta azaroaren 17an Gernika-Lumon jokatuko den bigarren finalaurrekorako txartela dauka.
Azkenik, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetako lehen saioa azaroaren 1ean izango da, Altsasun.
Bestelako datuak Bertsozale Elkartean topatuko dituzue.