Lurrak formatu handiko ikuskizuna da, Bilboko eta Gasteizko Udalen arteko elkarrekintzaz sorturikoa, eta eszenako kalitate, hiri hezitzaile, euskal kultura eta ekipoaren balioak sustatu nahi dituena. Zirku garaikidea lantzen duen obra hori ekainaren 10ean estreinatuko da Gasteizko Kaldearten, eta ekainaren 27an, Bilboko Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdian. Gaur goizean, lan erraldoiaren aurkezpena egin dute Bilboko Udaletxean, Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura Zinegotziak eta Iñaki Prusilla Gasteizko Udaleko Kultura zinegotziak.
Lurrak obrak lantokia adierazten du, non lurra ere oso presente dagoen, eta bertan ere protagonisten bizipenak agertzen diren, hori guztia zirku garaikidearen teknikekin zipriztindurik. Zirkuko teknika bat baino gehiago menderatzen dituzten espezialisten agerraldiak daude, eta musika tresna tradizionalak (txalaparta ikusgarria) eta modernoak jotzen dituzten musikariak, izan ere, pieza horretarako propio sortu da musika berezia.
Horrexegatik, bost antzezlek eta lau musikarik osatu dute oholtza gaineko taldea, eta talde hori izango da, ”euskal eszena garaikidean, dimentsio eta tipologia kontuan izanda aurrekaririk ez duen ikuskizuna eszena gainean jarriko duena”. Bertan Ortzi Acosta, Izaskun Agirresarobe, Gaizka Chamizo, Marc Muñoz eta Nuria Puig interpretazioa lanetan arituko dira, eta Mikel Hernandez, Ana Gambra, Unai Laso eta Roberto Castro musikaz arduratuko dira. Zuzendaritza lanetan, berriz, Adrian Schvarzstein aritu da, eta Jon Ariñok zuzendari-laguntzaile lanak egin ditu.
Taldeak kohesioa lortzeko hainbat erresidentzia egin ditu, elkar ezagutzeko, eta obrari forma ematen hasteko. Berez kaleko obra izateko jaio bada ere, ibiltaria ere izan nahi du, eta Espainian zein Europan ikusgarri egiteko bira bat egingo du, eta gainera, barruko eszenetan ere egiteko moldaketan egingo dira, izan ere, zirkua gutxitan erakusten da areto itxietan, eta Lurrak bertan ikusteko ere jaio da. Bertsio hori Santurtziko Nazioarteko Antzerki jaialdian eta BADen ere ikusi ahalko da.
Aurten Bilboko Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia inauguratuko duen lana, Lurrak izenekoa izango da.