Gaur, maiatzak 24, 19:00etan, Kondestable Jauregiko areto gotikoan, Amelie eta Xirrikituen Jostunek Isiltzen joan zirenak izeneko kontzertu dramatizatua eskainiko dute. Ekimen horren helburua Lurdes Iriondo euskal kantu berriaren ordezkari karismatikoenetako batek utzitako ondarea berreskuratzea da.
Saioaren egileek kantariaren figura eta utzitako material musikala gaurkotu nahi dituzte, “bere abestiak ederrak baitira”.
Lurdes Iriondo (1937-2005) Euskal Herriak eman duen artista handietako bat da. Ikastolen aldeko ekimen batean kantuan hasi eta handik aurrera plazaz plaza urteak pasa zituen. Euskal kanta berriaren sortzaile nagusietakoa izan zen 1965 inguruan, eta Ez dok amairu-ko izen handia. Makina bat kontzertu eman ostean egoera politikoak eta osasun arazoak zirela medio, plaza utzi eta bestelako kantu eta ipuinak idazten ibili zen urte luzez.
Gaur eskainiko duten piezaren bitartez, “Lurdesen kantak eta Hego haizearen ipuinak (1973) berriz ere plazara ekarri nahi izan ditugu, haren irudi sinbolikoekin jolastuz, musikekin amestuz, utzi zigun ondarea berreskuratuz. Haurtzaroari eta isildu zirenei eskainitako kantu bat da, bere ipuin eta abestiak ederregiak baitira, hego haizeak bakarrik jakin ditzan.”
Ekitaldia doan da, baina Ateneoan izena eman beharra dago, helbide elektronikoaren bitartez: ateneo@ateneonavarro.es
