Lumineszenteak Igone Mariezkurrena Fernandez kazetariaren eta Irantzu Pastor Ordoki argazkilariaren proiektua da, eta “diskurtso nagusietan lekurik ez duten emakumeen bizitza historiak eta irudiak biltzen ditu”. Erakusketan 2018tik 2021era, Palestinan, Indian, lakota nazioan edota Euskal Herrian hainbat emakumerekin izandako elkarrizketak eta narrazioak dokumentatu ditu bikote sortzaileak, eta horiek material grafikoarekin ondu dira.
Hortik ere liburua sortu zen eta bertan 63 emakumeren testigantzak eta erretratuak jasotzen dira. Izan ere, proiektua liburuak (bi edizio, hizkuntza banatan) eta erakusketak (elebiduna) osatzen dute.
Kontakizunen protagonistak bortizkeriazko giroetan bizi edo hazi dira, hala nola okupazio militar, pobretze, behartutako lekualdatze, genozidio edo asimilazio kulturaleko testuinguruetan. Egiturazko indarkeria horiek baina, emakumeen eguneroko bizitza baldintzatzen duten eta halako errekonozimendurik ez duten beste indarkeria sotilagoekin korapilatzen dira. Hain justu azken horiek atera nahi ditu argitara Lumineszenteak proiektuak.
Ekimena zertan den jakiteko, Donostiako Okendo Kultur Etxean izango da ikusgai datorren asteko 18ra bitartean. Hurbildu eta ikusi!