Amorebieta-Etxanoko Udalak bultzatzen duen Santiago Onaindia bekarekin lotutako jardunaldiak antolatu dira Lourdes Iriondo ardatz hartuta.
Santiago Onaindia bekak euskarazko ikerketa literarioa sustatu du 1989tik, eta ekimenak Santiago Onaindia zornotzar idazle eta ikertzaileari omenaldia egin nahi dio.
Otsailean, Amorebieta-Etxanoko Udalak jardunaldi bereziak egingo ditu Santiago Onaindia ikerketa bekari ikusgarritasuna emateko, eta jardunaldiek Lourdes Iriondo izango dute ardatz, “frankismo garaian euskarazko haur musika eta literaturan funtsezko figura izan zena”. Izan ere, XVIII. edizioko lan sarituaren titulua Lourdes Iriondo, Bide-urratzaile. Literatura eta kantagintza aztergai izan zen, Alex Gurrutxaga eta Lorea Jainagak egindako ikerketa.
Ikerketa horrek “Lourdes Iriondoren lana balioan jartzen du; euskal musika modernoaren aitzindarietako bat izan zen, eta diktadura garaian euskarazko haur literaturako lehen egileetako bat. Lanak ikuspegi feminista eta kulturala erabilita berreskuratzen du bere ibilbidea eta nabarmendu egiten du emakume sortzaileentzat eta euskararentzat garai historikoki gogor batean egindako ekarpena.”
Gaur berton, hilak 10, Alex Gurrutxaga ikertzaileak Lourdes Iriondo, bide urratzaile izeneko hitzaldia egingo du. Hurrengo egunean, Zelaietako auditorioan Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalaren proiekzioa egingo da,19:00etan. Dokumentalak Lourdes Iriondok musikari, kulturari eta memoria historikoari ikuspegi feministatik eta sozialetik egindako ekarpena nabarmentzen du.
Hil honetan ere, liburutegiak Santiago Onaindia Bekaren bidez argitaratutako liburuak bildu dira Santiago Onaindia beka, 36 urte euskal literatura ikertzen izeneko erakusketa batean.
Xehetasun guztiak, hemen.
