Nontzeberri

Loreek bizitza emango diote Igartubeiti Baserri Museoari

Asteburu honetan, apirilak 4, 5 eta 6an, loreek bizitza emango diote Igartubeiti baserriaren iluntasunari Lorontziak (lorerik gabeko ontziak) izeneko erakusketarekin. Zumarragako Oier Fernandez Carrasko artistak sortu du erakusketa.
Igartubeiti Baserri Museoan aurkezten den erakusketan, sortzailearen eta loreen arteko harremana ikusgai egongo da. Sortzaileak loreekin duen harremana zalantzan jarri eta erakusketa bat sortzeko aitzakiatzat hartu du.

Aspaldian Oierrek bere buruari galdetu zion ea zergatik margotzen ote zituen loreak. Zein da loreekin duen lotura? Edo agian loreek berarekin dute lotura? Lotuta daude? Edo lotu dituzte? Zergatik gordetzen ditugu loreak ontzietan?

Baserrian burutuko den interbentzioa bera ere erakusketaren artelanetako bat da. Irekiera festan bertaratutakoek hartuko eta sortuko dituzten espazio berriak ere erakusketako beste obra bat izango dira. “Baserrian zerbait egiteko gogoa neukan eta loreena buruan nuen aspalditik, bi ideien arteko lotura eta besarkada da lan hau”.

Erakusketaren irekiera ostiralean, apirilak 4, egingo da, 19:00etan. Gonbidapena pertsona guztiei irekia dago eta loreak ekartzeko proposamena luzatu du artistak. Erakusketa asteburuan zehar ikusteko aukera izango da, eta igandean, 18:30ean, jasotze kolektibo bat egingo dute, non artelanak parte hartzaileen etxeetan jarraitu ahalko duten.

Oier Fernandez Carrascok ilustrazioa ikasi zuen Euskadiko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskola Publikoan, Gasteizen. Ehun proiektu edo saltsatik goratan parte hartu badu ere, sortzailearen hitzetan, Igartubeitin aurkeztuko duen lana bereziena da orain arte.

Exit mobile version