Nontzeberri

Loraldiaren Sormen Digitaleko Bekaren 4. edizioa abian

Loraldiak Sormen Digitala Bekaren laugarren edizioaren deialdia egin du. Ekimen honek “euskarazko eduki original eta natibo digitalen ekoizpena sustatzea du helburu, euskal kulturaren panoraman sormenerako eta berrikuntzarako bide berriak irekiz”. Proposamenak aurkezteko epea urriaren 19ra arte egongo da zabalik, eta beka 10.000 eurokoa izango da, Beka publiko guztiarentzat zabalik dago eta banaka edo taldeka aurkez daiteke.

Antolatzaileek bete beharrekoen artean hauxe eskatzen dute: Proiektu irabazlea sorkuntza-lan originala eta erabat digitala izango da, eta horrek esan nahi du ez direla obra analogikoen digitalizazio hutsak onartuko. Lehentasuna emango zaio ingurune digitalaren aukerak ahalik eta gehien aprobetxatuko dituzten ideiak sortzeari, dela aplikazio interaktiboen formatuan, podcastetan, webserieetan, errealitate areagotuko esperientzietan, bideojokoetan, edo euskal kulturaren eta teknologiaren arteko fusioaren beste edozein adierazpenetan.

Aurkezteko epea behin amaituta, proiektu irabazlea azaroaren 5ean jakinaraziko da. Obra 12 hilabetez garatuko da eta 2027ko Loraldia Jaialdian estreinatuko da.

Loraldia Sormen Digitala Bekaren III. edizioan AppaMaurizia proiektua izan zen irabazlea, #Mauriziakezdauinorhil kolektiboak sortutako errealitate birtualeko proiektua, Ines Osinaga eta Lorea Argarate buru direla. Proiektu honek teknologia berritzailea eta euskal folklorearen kultura-ondarea uztartzen ditu, murgiltze esperientzia bat sortzeko.

Bekari buruzko informazio osoa hemen.

Exit mobile version