Nontzeberri

Loraldiak “Narratiba Berriak” jardunaldia

Bihar, urriaren 27an, euskarazko sormenaren aukera transmediak aztertzeko xedez, Loraldiak Narratiba Berriak jardunaldia antolatu du Bilboko Euskararen Etxean. Berria-ren lankidetzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin antolatutako hitzorduak kultura- eta sormen-industriako profesionalei zuzendutako topagune praktiko eta inspiratzailea izan nahi du.

Goiz bateko hitzordu honek “euskarazko kultura- eta sormen-industriari galdera estrategiko bat planteatuko dio: zer aukera irekitzen ditu transmedia narratibak gure istorioak, proiektuak eta sormen-unibertsoak formatu eta plataforma berrietara hedatzeko?
Loraldiak proposatzen duen ikuspegia argia da: pantaila ez da kanal bat bakarrik; espazio narratiboa da. Horregatik, jardunaldiak sormenetik, istoriotik eta kontakizunetik abiatuta aztertuko ditu ingurune digitalak eta transmedia logikak eskaintzen dituzten aukerak”.

Topaketa gidoigileei, dramaturgoei, idazleei, musikariei, antzerki eta dantza konpainiei, ikus-entzunezko sortzaileei, sortzaile digitalei, ekoizleei eta kultur proiektuetako arduradunei bereziki zuzenduta dago.

Jardunaldia Roger Casas-Alatriste egile, hizlari eta aholkulariak gidatuko du. Bera da edukietan, arretaren ekonomian eta adimen artifiziala edukietara aplikatzearen inguruan espezializatua.

Narratiba Berriak jardunaldia urriaren 27an egingo da, Bilbon, goizez. Parte hartzeko izen-ematea derrigorrezkoa izango da, eta plazak mugatuak izango dira.

Exit mobile version