Nontzeberri

Loraldia Festibalaren Trikua gaur hasiko da ibiltzen

Gaur abiatuko da euskal kultura garaikidea ezagutzeko, ospatzeko eta berritzeko topagune paregabea bilakatu den Loraldia Festibalaren 11. edizioa, eta hilabete osoan, ehun sortzaile baino gehiagoren partehartzearekin, makina bat sormen erakutsiko ditu Bilboko hainbat espaziotan: Arriaga Antzokia, Guggenheim Bilbao Museoa, Euskalduna Jauregia, Campos Antzokia, Sociedad Filarmónica eta beste toki batzuetan ere.

Aurtengo festibalaren lema, Bernardo Atxagaren literaturari keinu eginez, Trikua esnatu da, izango da. “Trikua udaberrian esnatzen da, loaldi luze baten ondoren, eta gauza bera gertatzen da euskal kulturarekin: oztopo eta arriskuen gainetik, berriro loratzen da, indarrez eta ausardiaz”.
Loraldia Festibalaren programazioan diziplina artistiko anitzeko ekimenak bilduko dira hainbat esparrutan sailkaturik: antzerkia, musika, zinema, literatura, bertsolaritza, dantza eta arte garaikidea.

Gaurko egunean, Hitzaurrea soinu-esperientzia digitala bizitzeko aukera izango duzue 19:30ean, Bilboko Alondegiko Atriotik hasita. 2024an Bilboko Loraldia jaialdiak emandako Sormen Digitaleko Bekari esker Piszifaktoria Ideien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak elkarrekin sortutako lana da Hitzaurrea, eta gaur izango da estreinaldia.
Obra berezi honek “etortzeko dagoen etorkizunaz baino gehiago, orainaldiaz hitz egiten du, iragana makulu hartuta. Izan ginen hark bihurtu gaituelako garen hau eta, beraz, garen honek baldintzatuko duelako izango garen hori. Funtsean, etorkizunaren hitzaurre bat da”.

Hil honetan denetarik izango duzue, eta adibidez musikari dagokionean, Mila esker, Jonan Ordorika kontzertua antolatu da Arriaga Antzokian; Xiberoa kantuz loraturik, Loraldiaren produkzio propioa, Zuberoako kantu tradizionalaren eta garaikidetasunaren arteko lotura esploratzen duena; Sukramarkus, Mursegok, Maite Arroitajauregi artista polifazetikoak, bere unibertso musikala ekarriko du Loraldia Festibalera; Pause, Xabi Zeberio, Iñar Sastre, Eñaut Zubizarreta eta Aitor Etxebarriaren lan intimista; Unai Elorriaga idazleak eta Josu Aurrekoetxea musikariak Odola Kantari ikuskizuna egingo dute; Gorka Urbizuk ere kontzertua egingo du.

Eszenari dagokionean, Janire Etxaberen Atxine dantza bertikaleko performance ikusgarriaz gozatzeko aukera egongo da; Kamikaz Kolektiboaren eskutik, lau aktoreren bidez (Erika Olaizola, Iraia Elias, Amancay Gaztañaga eta Xanti Agirrezabala) bizitzaren eta heriotzaren inguruko istorio frenetiko eta umoretsua aurkeztuko da: Renata; Arriaga Antzokiaren ekoizpena, Kristalezko zooa, ikusteko abagunea egongo da; Don Inorrez eta Metrokoadrokaren arteko elkarlana Aztia, eta abar.

Bertsolaritza ez da faltako, baina aurten Edorta Jimenezek idatzitako narrazio originala abiapuntu hartuta, Rafa Ruedak jarriko dio musika eta, bertsotan Amaia Agirre, Oihana Arana eta Ane Labaka arituko dira; Consonni bertso-saio espekulatiboak antolatu dira, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Miren Amurizarekin.

Pantailan Oskar Alegriaren azken lana Zizindurrunkarratz ikusiko da, eta Bilbo inguruko mendietan ibilaldi interpretatiboa egingo du Piszifaktoria Ideien Laborategiak

Aipaturikoa lagin bat da, baina aurten programazioa oso potolo dator.
Guztia ikusteko: Loraldia

Exit mobile version