Loraldia Eskolak zazpi ikastetxetako 300 ikasle hartuko ditu aurtengo egitasmoan, euskal kulturarekin lotutako sormen-proiektuak garatzeko xedez.
Izan ere, Loraldiaren lan-lerro estrategikoetako euskaraz sortutako kultura garaikidea ikastetxeetara eramatea da, “haur eta gazteek euskal kultura ezagutu, bizi, sortu eta partekatzeko aukera izan dezaten”.
Ikasturte honetan, “ikasleek hainbat diziplina eta lengoaia landuko dituzte, proiektu bakoitzaren ezaugarrien arabera: ahozkotasuna, kantua, antzerkia, ikus-entzunezko sorkuntza, gorputz adierazpena, irudimena, talde-lana eta euskarazko kultur erreferenteak. Prozesu horren bidez, Loraldia Eskolak euskararen erabilera, sormena, kulturarekiko atxikimendua eta komunitatearen parte-hartzea sustatzen ditu”.
Ikasle horiekin sei proiektu ezberdin garatuko dira ikasturtean zehar: Lore Jokoak, 7 Kantu, Kamara Sartu, Airean, Ttipia eta Lorekolore. Proposamen horiek adin eta hezkuntza-maila ezberdinetara egokitutakoak dira, haur eta gazteen artean euskal kulturaren transmisioa lantzeko.
Loraldiak berriro azpimarratzen du “euskal kulturaren etorkizuna belaunaldi berriekin batera eraiki behar dela. Horretarako, ezinbestekoa da kultura eskolara hurbiltzea, ikasleei sormenerako tresnak eskaintzea eta euskarazko kulturarekiko lotura emozional, sortzaile eta kolektiboa sendotzea”.
