Nontzeberri

Literaturia jaialdiaren egitaraua

Aurtengo Literaturia maiatzaren 31tik ekainaren 2ra bitarte egingo da, ohi bezala, Larrabetzun, Kale Gorrian lelopean. Beste urteetan egin den moduan liburuen aurkezpenak, hitzaldiak, poesia errezitaldiak, antzerkiak eta musika kontzertuak egingo dira Bizkaiko herrian. Antolatzaileek jaialdi literarioaren egitarau osoa iragarri dute.

Hala, maiatzaren 31n, Hori Bai gaztetxean bi emanaldi izango dira: batetik, 19:00etan, Publikoari gorroto antzezlana, eta, bestetik, 22:30ean, Goienetxe anaiak hip hop taldearen kontzertua.

Ekainaren 1eko jardunaldia 11:00etan hasiko da Herriko plazan bilduko diren irakurle taldeen eskutik. Ondoko liburuak jorratuko dituzte, eta liburuon idazleek ere parte hartuko dute: Intemperies (babes bila), Lourdes Oñederra; Kristalezko begi bat, Miren Agur Meabe; Inurrien hiztegia, Mariasun Landa; Txartel bat (des)herrira, Garazi Goia, eta Alkasoroko benta, Mikel Taberna.

Gero, 12:00etatik 14:00etara, liburuen aurkezpenak egingo dituzte Anguleri kultur etxean, 602 euro, Jon Arretxe; Rasputin eta San Petesburgoko gauak, Joxemari Iturralde, eta Zer da artea? Aritz Gorrotxategi, besteak beste.

Ekainaren 1ean izango diren beste ekitaldi batzuk honakoak dira: Hormako paper horia irakurraldia, eta Elkartasun basatia errezitaldia. Kontzertuak ere izango dira: Rafa Rueda, Anari eta Ez haut abandonatuko (Bide Ertzean eta Jon Benito).

Ekainaren 2an, Egungo itzulpengintzaren erronkak:Zelan erantzun egun euskal literaturan ditugun beharrizanei? izenburuko solasaldia azpimarratu behar da, non Bakartxo Arrizabalagak (EIZIE), Iñigo Roquek (EDO!) eta Joxemari Sestorainek (Cénlit-Denonartean) parte hartuko dute. Danele Sarriugartek moderatzaile lanak egingo ditu. Solasaldia 11:00etan hasiko da.

Ordubete beranduago liburuen aurkezpenak egingo dira, hala nola, Txostena niri buruz, Angel Erro; Egia esan, Peru Magdalena; eta Iñigo Roquek itzuli duen Lobo Antunesen Gauzen ordena naturala.

Amaitzeko Literaturiatxua nabarmendu behar da: ekainaren 1ean eta 2an ume zein gazteentzako hainbat ekitaldi izango dira Larrabetzun.

Egitarau osoa: http://www.larrabetzu.org/literaturia/

Exit mobile version