Irailaren 24tik 26ra artean aurtengo Literaturia izango da Zarautzen, Itzala, hitzaren ahala lelopean. Urte honetako ekitaldiak bi gunetan egingo dira: Modelo aretoan eta Lege Zaharren enparantzan.
Indarberrituta antolatu dute 2021eko Literaturia, aurreko urteko edizioa, pandemiak pandemia, arrakasta hutsa izan baitzen. Aurtengo edizioak askotariko ekitaldi eta espazioak izango ditu. Lege Zaharren enparantzan Literaturiako liburu azoka kokatu da, eta bertan herritarrek aukera izango dute hainbat argitaletxek jarritako postuetan euskal literaturako liburuak erosteko.
Halaber, aurten ere Ahotsenea sortzaileen gunea martxan izango da, eta bertan liburu aurkezpenak egingo dira. Galtzagorri elkarteak ere parte hartuko du eta haurrentzako Literattipia atala osatuko da.
Gaur, hilaren 24an, hasiko da Literaturia, 20:00etan. Lutxo Egiak irakurriko du aurtengo manifestua, Modelo aretoan. Ondoren, Asisko Urmenetaren Sugarren mende liburuan oinarritutako antzezlana izango da ikusgai, Literaturia 2021erako preseski egina.
Larunbatean, hilaren 25ean, Lege Zaharren enparantzako karpan 11:00etan irekiko da liburu azoka. 12:00etan (H)ilbeltza, Baztanen antolatzen den euskal nobela beltzaren inguruko ekimena omenduko da. Egunean zehar Liburu azoka zabalik izango da 19:30ak arte, eta bitartean, Ahotsenean sortzaileen liburu aurkezpenak egingo dira.
Egun berean, Modelo aretoan hainbat kontu izango dira: Laminen putzuan igeri ipuin kontaketa, Juan Kruz Igerabideren eskutik, eta Zientzia fikzioa Euskal Herrian mahai ingurua.
Arratsaldean ere izango da zertaz gozatu: Dom Campistron autore baxenabartarrak Bekatorosak liburuan oinarritutako ikuskizuna emango du Maindi Murua Berra eta Andoni Egaña bertsolariekin batera. Gauean, 22:00etan, Gotzon Barandiaranek eta Joseba Tapiak beren-beregi aurtengo Literaturiarako antolatutako Apoaren itzala ikuskizuna eskainiko dute.
Igandean ere gauza pilo bat egongo da, baina zerbait nabarmentzearen, 17:00etan, Oraindik, orain eta oraingoz poesia eta musika emanaldia egingo dute Modelon Iñigo Astizek eta Jon Basagurenek.
Literaturia jaialdiaren webgunean dituzue jakingarri guztiak.
