Nontzeberri

“Literatura Unibertsala” bilduman Maryse Condé, Kate Chopin eta Edna O’Brien idazleen lanak

Gaur berton aurkeztu dituzte Erein eta Igela argitaletxeek Literatura Unibertsala bildumako azken aleak: Maryse Condéren Bihotza negar eta irri, Kate Chopinen Ekaitza eta beste 34 ipuin eta Edna O’Brienen Landa aldeko neska. Lehen bi liburuak Joxe Mari Berasategik ekarri ditu euskarara, eta azkena, Gema Lopez Las Herasek.

Maryse Condék berrogei urte bete ostean argitaratu zuen lehen nobela. Baina denetarik idatzi du: eleberriak, kontakizun biografikoak, saiakerak…. Lizeoko eta unibertsitateko irakaslea izan da, eta arrazakeriaren, kolonialismoaren, matxismoaren aurkako militantea. Bihotza negar eta irri 1999. urtean argitaratu zuen Maryse Condék eta bertan “haurtzaroan eta nerabezaroan izan zuen kanbiamenduaren kronika ernagarria” kontatzen du.

Kate Chopin idazle klasikotzat eta literatura-mugimendu feminista modernoaren aitzindaritzat hartzen da gaur egun. Lehenengo nobelan (At Fault) dibortzioaren gaia jorratu zuen. Bere nobelarik ezagunena (The Awakening) oso gogor hartu zuten kritikari gehienek, eta “morboso, desatsegin, kaltegarri, lizun eta pozoitsutzat” jo zuten. Euskaraturiko lan horretako ipuinetan Estatu Batuetako hegoaldeko doinuak bildu ditu.

Edna O’Brien ingelesezko nobelagintzaren ahots handienetakoa da. Landa aldeko neskak nobelarekin literaturan murgildu zen. Lan horrek trilogia osatu zuen Girl with Green Eyes (1962) eta Girls in Their Married Bliss (1964) lanekin batera. Nobela horrek XX. mendearen erdialdeko landa-giroan jaiotako bi neskatilaren (Caithleen eta Baba) abenturak kontatzen ditu, haietako baten ahotik eta ikuspegitik, modu xume eta errealista batean.

Exit mobile version