Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak, Baztango Udalak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, Literatura Geraldiak zikloaren bigarren edizioa abiatuko dute. Ekimenak literatura solasaldiak, lantegiak eta hitzaldiak bilduko ditu, eta ohi denez, Nafarroako hainbat lekutan gauzatuko dira, tartean, Arantza, Larraintzar, Iturmendi, Elizondo, Lekunberri, Etxaleku, Lesaka, Leitza, Arbizu edo Bera.
Ekimenaren helburuak oso argiak dira: euskaraz irakurtzeko zaletasuna herritarren artean zabaltzea eta esperientzia literarioak konpartitzea, eta liburugintzaren inguruan gure kultura bultzatzea.
Laster hasiko dira Literatura Geraldiak programaren lehen hitzorduak, eta maiatza bitartean luzatuko dira. Lehen ekitaldia martxoaren 6an izango da Arbizun, eta bertan, Iratxe Retolazak, Irakurbide feministak euskal literaturan izeneko saioa egingo du. Hitzaldian feministentzat literaturak zertarako balio duen argituko da; edo bestela esanda, literaturak zertan lagun dezakeen feminismoan urratsak egiteko. Betiko legez gogoeta egin nahi da, izan ere, “heziketa literario bat jaso dugu guztiok, eta heziketa horretan, oharkabean, balore batzuk jaso ditugu denok. Nahi ala ez, eredu batzuk, kanon asko, ikuspegi matxista batetik ezarriak dira. Eta gu, emakume irakurle bezala, ea ohartzen garen, oharkabean jaso ditugun eredu asko, ez direla, genero ikuspegitik, guk ditugun ideia batzuei lotuak”.
Beste aldetik, martxoaren 14an, 18:00etan, Maddi Ane Txoperena Ez erran inori liburuaz arituko da Iturmendiko udaletxean. Eta Nerea Ibarzabal idazlea Bar Gloria liburuaren solasaldia egingo du apirilaren 20an, 18:30ean, Lekunberrin; apirilaren 27an, 17:00etan, Arantzan, eta maiatzaren 3an, 19:00etan, Etxalekun.
Miren Agur Meabe ere arituko da Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena hitzaldiarekin apirilaren 26an, Ziordiko liburutegian, eta Eider Rodriguezek Idazleen gorputzak hitzaldia eskainiko du apirilaren 26an, 18:00etan, Elizondon.
Joseba Sarrionandia Beran izango da apirilaren 21ean, eta Larraintzarren apirilaren 28an, 18:00etan, Egoerak eta liburuak hitzaldia emateko.
Azkenik, bi lantegi antolatu dira: Mikel Ayerberen Nola iruzkindu liburu bat? izenekoa, eta Yolanda Arrietaren Idazketa tailerra.