Azkuna Zentroak Gutun Zuria Bilbao Jaialdiaren 19. edizioa du abian. Jaialdia otsailaren 28ra arte luzatuko da, eta literaturaren munduak presentzia hartuko du bertan. Horretarako hitzaldiak, eztabaidak, tailerrak, ikastetxeekin hitzartutako programak eta antzerkia ere programatu dira.
Hain zuzen ere, gaur eta bihar, goizeko saioetan eta ikasleentzako programazioan, Tanttaka Teatroak Mundua pitzatuta dago, baina hantxe gabiltza oinez izeneko pieza egingo du.
Harkaitz Canok idatzi eta Tanttaka antzerki taldeak ekoitzitako lana da, Fernando Bernuésen zuzendaritzapean, eta gaztetxoen artean irakurtzeko zaletasuna areagotzea du helburu.
Mundua pitzatuta dago, baina hantxe gabiltza oinez 9 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta bere historia gurasoen eta seme-alaben artean zabaltzen den arrakala batetik abiatzen da. Harkaitz Canok idatzitako album ilustratu honek liburutegiei eta literaturari omenaldia egin nahi die, gazteak literaturaren mundura erakartzeko asmoz. Antzezlana liburu-aurkezpen baten aitzakian hasiko da, eta liburu aurkezpen horretan aurkezten den liburua izango da ipuin hau, benetan existituko dena.
Alabarekin nola komunikatu ez dakien aita batek paperezko hegazkin bat bidaltzen dio egunero balkoitik agur esateko. Hegazkinetan idatzitako mezuen bidez, aitak literatura-misioak jartzen dizkio alabari, liburuzain zorrotz baten konplizitatearekin argitu ditzan. Horrela, liburuen eta bizitzaren arteko lotura ezagutuko du neskatoak. Urte asko geroago, orain idazlea den alaba, liburutegira itzuliko da bere lehenengo liburuan jaso duen iniziazio-esperientzia hori kontatzeko.
Horretaz gain, egun guztietako programazioa hemen kontsultatu ahal duzue.
