Xabier Amuriza eta Nerea Ibartzabal bertsolariek hartuko dute parte, gaur berton, hilak 10, Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean antolaturiko Literaturarekin elkarrizketak XXI. mendean izeneko hitzorduan. Goizalde Landabaso kazetari eta idazlearekin hitz egingo dute, Literatura, Bertsolaritza eta Musika izenburupeko topaketan.
Parte-hartzaileek literaturaren, musikaren eta bertsolaritzaren arteko loturei buruz hitz egingo dute. Azken batean, “hitzaren erabilera zehatza edozein konposizio literarioren ernamuinean dago eta bertsolaritzaren praktikak lotura ugari ditu literatura idatziarekin, bi diziplinetarako ezagutza linguistiko eta erretoriko handia behar baita. Hala ere, zuzena al da bertsolaritza literaturaren adartzat hartzea? Bertsolariek idazletzat jotzen al dute beren burua? Bertsolaritzan aritzeak literaturara eraman al zituen gonbidatuak, ala alderantzizkoa izan zen bidea?”
Hortaz, “literaturaren eta euskal kulturaren adierazpen sortzaile errotuenetako eta ezaugarrienetako baten alderdi tangentzialei buruz dituzten esperientziak eta ikuspegia” azalduko dituzte.
Xabier Amuriza bertsolari, idazle, itzultzaile, ikertzaile eta musikari entzutetsua da, eta bertsolaritzaren berritzaile nagusitzat jotzen da XX. mendearen amaieran. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia bitan irabazi du, 1980an eta 1982an, eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko ohorezko kidea da 1987an sortu zenetik.
Nerea Ibartzabal bertsolaria, idazlea eta kazetaria da. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazlea izan da 2021ean eta 2023an. Bere lehen eleberria 2022an argitaratu zuen: Bar Gloria. Bere bigarren lan literarioa Jakelinen egunerokoa da.