Nontzeberri

Literatur-geraldiak Nafarroako hainbat herritan

Nafarroako hainbat herritan makina bat saio antolatu dira literaturaren inguruan, Literatur-geraldiak izenburupean, eta horietariko batzuk aste honetan bertan izango dira.

Hala, gaur, apirilak 20, 18:00etan, eta Larraintzar herrian, Irati Goikoetxea izango da Herriak ez du barkatuko izeneko liburuaren gainean mintzatzen. Lanaren sinopsia, hauxe duzue: ETAk aita hil zion Oihanari duela hogeita bi urte, berak hemeretzi zeuzkala. Zauria bizirik du oraindik, baina ez du horretaz inorekin hitz egiten; bere seme-alabei ere ez die ezer argirik kontatu, nahiz eta barruan sumatu on egingo liekeela denei. Ezustean, biktima ezberdinen lekukotasunak jasotzen dabilen antropologo baten deia jasoko du, ea berarekin bildu nahi duen. Idazle hori ere Lekunberrin izango da 28an.

Bihar, apirilak 21, Irurtzunen, 18:00etan, Nerea Loiola izango da Epizentroa lanaz jarduten. 28an, idazle bera arituko da Arantzako liburutegian. Eta ostiralean, apirilak 22, Berako liburutegia Mikel Antza izango da protagonista Arroz urez lanarekin.

Beste aldetik, larunbatean, hilak 23, Gogoan dut izeneko irakurraldi musikatua antolatu da Lesakan, Aritz Galarraga eta Ibon RG sortzaileekin. Galarragak jarriko ditu hitzak (berea da Gogoan dut izeneko lana) eta Ibon RGk musika. Emanaldian, “oroitzapen aukeratu batzuen irakurketa egiten du Galarragak, eta liburuan agertzen diren abestien bertsioak tartekatuko ditu musikariak, gitarra soilarekin, bere eremura ekarrita, cover batzuetan ezin ederragoak, besteetan barre eragitekoak sortuz. Irakurketaren eta bertsioen arteko konbinazioak ikuskizun hunkigarri, aktibatzaile, are irrigarri bat sortzen du emaitza gisa”.

Exit mobile version