Hitzordu interesgarria ondu dute bihar Bilboko Kafe Antzokiko kideek, izan ere, Liher talde donostiarrak Hauts diskoa aurkeztuko du; Anarik, berriz, Epilogo bat, iraupen laburreko disko laudatua. Liher goiko aretoan izango da, 20:30etik aurrera. Ordubete geroago, Anari hasiko da bere taldearekin batera.
Liher rock banda donostiarrak bederatzi kantu bildu ditu Hauts lan autoekoitzian; aurretik, 2015ean, Arrazoi gutxi, denbora asko zazpi kantuko maketa argitaratu zuen.
Taldekideen artean, Naizroxa, Anai-arrebak edo Emon taldeetako musikariak daude; halere, guztien gainetik, Lide Hernandoren ahots indartsu eta melodikoa nagusitzen da, bai eta gitarra soinu gogorrak ere, baina ñabardurez josiak. Promomusikaren arabera, Dan Auerbach, Jon Fruasciante edo Omar Rodriguez-Lopez gitarra-jotzaileen riffetatik edaten du taldeak. Hortaz, batzuetan gogor agertzen da taldea, rock klasikoan bustita, baina beste batzuetan, berriz, gozo, tarte akustiko, epiko eta espazialak zabalduz.
Bestalde, Zure Aurrekari Penalak diskoaren grabaketan jasotako Epilogoa kantuan erein zen Anariren Epilogo bat. Azkoitiarraren hitzetan, lan “misteriotsua” da, era berean, ziklo bat ere ixten du.
Diskoak sei doinu biltzen ditu, bat instrumentala. Hauetan ere hitzek pisu handia daukate, bai eta tempo geldoek ere, aurreko lanean bezala. Diskoaren bigarren zatia, baina, Epilogoa, Autodefinitua eta Piromania kantuen osatzen dutena, biziagoa da, eta gitarren presentziak gora egiten du. Hala, epilogo hau bere aurrekariaren maila berean edo gorago kokatzen dela esatera ausartzen gara, gordinagoa eta zuzenagoa badelako.