Bizkaiko Foru Aldundiak “Liburutekia” literatura eta teknologia berriei buruzko jardunaldien bigarren edizioa abiatu du. Jardunaldien xedea kultura arloan teknologia berriak erabiltzeko gakoak ezagutaraztea da, eta profesionalei zein interesa duen orori zuzenduta dago.
Hala, azaroaren 12 eta 13an, hainbat hitzordu interesgarri izango dira Foru Liburutegian. Kirmen Uribe idazleak irekiko ditu jardfunaldiak azaroaren 12an, 13:00etan; teknologia berriek bere obran izan duten eragina izango du hizpide idazle ondarrutarrak.
Arratsaldeko 16:30ean, halaber, Olatz Osa Elkar argitaletxeko arduradunak eta Mikel Elorza Susa argitaletxeko eta Armiarma-Literaturaren sarean proiektuaren koordinatzaileak Editoriales vascas. Hacia un nuevo mercado izeneko gaia izango dute aztergai. 18:00etan, berriz, Pablo Mazo kazetari eta filosofoak, Gonzalo Garrido idazle eta komunikazio-aholkulariak eta Mikel Alvira idazleak lekutze- eta hedatze-sistema berriak jorratuko dituzte; eta, azkenik, 19:30ean, Alejandro Fernandez Aldasoro erredaktore sortzailea, Alex Oviedo idazle eta editorea, eta Ivan Repila diseinatzaile grafikoa teknologia berrien eta sare sozialen inguruan arituko dira.
Azaroaren 13an ere zenbait gai erakargarri aztertuko dira: Liburutegiak eta hezkuntza; Texturas aldizkaria; Contexto argitaletxe independenteen taldea; eta, amaitzeko, Fernando Taranconek, Javier Camarak eta Javi Nevadok liburutegiek sistema berrietara egokitzeko duten erronkaren inguruan egingo dute berba.
