Gaur goizean, maiatzaren 30etik ekainaren 9ra bitartean luzatuko den Bilboko 49. Liburu Azoka aurkeztu dute. Hiriko Arenaleko ibilbidean liburu aurkezpenak, hitzaldiak, sari banketak, tailerrak eta liburu sinadurak antolatu dira egun horietarako, “liburuarekiko pasio eta ospatzeko, eta idazle, irakurle eta editoreen arteko zubiak eraikitzeko” asmoz.
Aurkezpen prentsaurrekoan, Luis Garcia Montero idazleak Zilarrezko Luma saria jaso du. Sari horren bidez liburu-saltzaileek bere obra eta ibilbide luzeari egin dioten omenaldia izan da. Luis Garcia Montero, (Granada, 1958) poeta eta Espainako Literatura katedratikoa Granadako Unibertsitatean, hamaika poema-bildumen eta hainbat entseguen egilea da. Publikatu duen azken lana Las palabras rotas izan da.
Azokaren barruan makina bat ekitaldi berezi antolatu dira, tartean sari banaketa interesgarriak. Hala, bihar, maiatzak 30, Arenaleko Ibilbidean Azokaren inaugurazio ekitaldia ospatuko da, eta bertan Jon Banville eta Miren Agur Meabe idazleek Atea-Laboral Kutxa Saria jasoko dute.
Banatuko diren beste bi sariak Miriam Urkiarentzat izango den Urrezko Luma saria, eta Miren Amurizak jasoko duen Zazpi Kale saria izango dira.
Gauza askoren artean topaketek garrantzia hartuko dute. Aurten, Nobela Beltzaren inguruko topaketa egingo da Jon Arretxe, Jose Javier Abasolo, Javier Sagastiberri eta Juan Infanterekin. Eta azokaren programazio berezia ostiralean, ekainaren 7an, amaituko da, beste Women in Black saio batekin. Oraingo honetan, egungo genero beltzean erreferenteak diren beste hiru idazle bilduko dira, Fiona Barton britainiarra, Noelia Lorenzo irundarra eta Arantza Portabales donostiarra.
Programazioa zehazturik Bilboko Liburu Azokaren webgunean duzue.
Beste azoka batzuk
Beste aldetik gogoratu behar da, literaturaren balioa aldarrikatzeko beste ekitaldi batzuk badaudela Euskal Herriko hainbat txokotan. Ziburun adibidez, euskal disko eta liburu azoka antolatu dute ekainaren 1ean (larunbata). Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte Ziburuko herriko plaza euskal literaturako nobedade eta lanez mukuru egongo da.
Eta berdin Gasteizen. Urrezko Zeledonen Plazan kokaturik, sei erakusketa-toki jarri dira liburuz beterik. Paraleloki publiko ororentzat zuzenduriko jarduerak antolatu dira, hala nola, liburuen aurkezpenak, sinadurak, ipuin kontakizunak eta abar.