Martxoaren 8an, Emakumeen Askapenerako Nazioarteko Eguna dela eta, Amorebieta-Etxanoko Liburutegiak eta Berdintasun sailak, Lara Izagirre zinemagile zornotzarrak liburu-trailer ikastaro bat zuzenduko du. Martxoaren 5ra arte parte hartzeko epea duzue.
Literatura eta zinema nahasten dituen ikastaro honetan, Historias del 8 de marzo liburuan bildutako emakume idazleen hitzak, beste emakume batzuek irudietara eramango dituzte. Amorebieta-Etxanoko emakumeek, Karmele Jaioren Ecografías ipuina landuko dute.
“Aukeratutako kontakizunetik abiatuz, ideia, sentimendu edo kontzeptu garrantzitsuenak irudi bihurtzen eta storyboard-a osatzen hasiko da taldea. Azkenik, liburuaren trailer gisa balioko duen bideoaren grabaketa egingo da. Abentura interesgarri honekin, emakumeek gidoi, zuzendaritza eta edizio lanak egingo dituzte hitzak irudi eta soinu bihurtzeko”.
Proiektua zortzi herri desberdinetan burutuko da. Herri bakoitzeko emakume talde bakoitzak liburuko istorio bat landuko du. Proiektuaren amaiera ospatzeko, herri desberdinetako zortzi trailerrekin emanaldia egingo da 2015eko martxoaren 8an.