Elkar argitaletxeak sari edota bekaren bat jaso duten lanak argitaratu ditu azken asteetan.
Kutxa Fundazioaren Literatura saria eskuratu zuen Nerea Arrienek idatzitako Gorputzen aldiriak lana da horietariko bat. “Hiria amaitzen den lekuan, bada auzo izengabe bat, periferia guztiak bezala ahaztua eta baztertua, baina aldiri guztiak bezala taupada ezkutuz eta irrika sekretuz betea. Haurrak jolasean dabiltzan parkearen inguruan biltzen dira haien gurasoak ere, nork bere minak eta ametsak lepo gainean daramatzala. Ipuin batetik bestera darabiltza bere pertsonaiak Arrienek, ikuspuntua aldiro aldatzen duten istorio gurutzatuetan, bazterreko pultsioen topografia bat marraztuz gorputzen aldirian”.
Joan den urteko Zubikarai Saria Ekaitz Herrera Azkarragak jaso zuen Neguberria lanarekin. “60 urte ditu Mattinek; urtetan ospitale baten atarian eduki duen lore-denda itxi behar du, salmenta eskasez, eta, dirua aurreztearren, unibertsitateko ikasleen pisu batera joango da bizitzera. Noraez eta deskalabru horiez guztiez gain, halako batean ohartuko da bere bizitza osoan ez dela inoiz maitemindu, ez duela sekula beste pertsona bat maite izan. Pertsonaien sentimenduetan eta haien bilakaeran sakontzen du Ekaitz Herrerak Zubikarai bekaren laguntzaz idatzitako eleberri honetan”.
Azkenik EKE- Elkar Fundazioa Sormen Beka eskuratu zuen Eneko Bidegainek Hegal Egiten izenekoa kaleratu du. “Euskal historia hurbileko gertaera gogoangarrienetako bat ahanzturatik atera duen eleberria da hau: 1986ko abenduaren 13an, Iparretarrakeko bi presok Paueko presondegitik ihes egin zutenekoa. Baina Hegal egiten ez da ihesaldi baten kronika soilik”.
Aipatutakoez gain, Alaine Agirrek Mila Hilekoren Erreka kaleratu du, eta azken egunotan, Mikel Pagadik Itzalen konpainia izeneko lanak argia ikusi du.
