Katti beti endredatzen (Antxiñe Mendizabal eta Patxi Gallego), Oihana hirian (Leire Bilbao eta Mai Egurza), Txomintxo eta Perutxo bakarrik geratu dira etxean (Peru Magdalena eta Iosu Mitxelena) eta Azazkalak jaten ditut, eta zer? (Ana Urkiza eta Eider Eibar) dira gaztetxoentzako azken labekadaren gozokiak.
Katti eta etxekoak bolada zaila igarotzen ari dira: bikiak jaio direnetik, etxean zalaparta batean bizi dira, aitaren lantegian arazoak dituzte, ama lan guztiei aurre egin ezinda dabil, andereñoak Katti begitan hartuta dauka eta, gainerakoan, Manexek, bere lagunik onenak, huts egin diola uste du. Uuf! arazoak.
Oihana aitarekin doa hirira, erosketak egitera; halako batean, ordea, zebrabidean ez aurrera ez atzera geratuko da, aitaren eskutik askatuta, eta bere burua animaliaz inguraturik ikusiko du bat-batean: hartzak, ehunzangoak, zakurrak, ahuntzak, elefanteak, ipurtargiak, jirafak, krokodiloak, gorilak… Aurkituko al du berriz aita, eta etxera itzultzeko bidea?
Txomintxo eta Perutxo anaia bikiak etxean bakarrik daudela konturatu dira, goizean esnatu direnean. Eta sekulako egonezina sartu zaie. Dena den, dagoeneko mutil handiak direla sinetsita daude, eta euren kabuz konpontzen saiatuko dira.
Eta zer? bildumaren ezaugarria da desberdintasunak onartzea eta baloratzea; konplexuak eta marjinazioak gainditzeko modua, hemen, istorio dibertigarri bat da, azazkalak jaten dituen pintore batek bere haurtzaroari buruz kontatzen duena.