Bi nobedaderen berri izan dugu aste honetan gurean. Batetik, Nagore Tolosak itzuli eta Meettok argitaletxeak plazaratu duen Alice Munro (Wingham, Ontario, 1931) idazlearen Zorion handiegia eta bestetik, Jasone Osorok (Elgoibar, 1971) idatzi eta gazteei zuzendurik dagoen Ezekiel nora ezean (Elkar).
Atzo aurkeztu zuten Donostian Alice Munro kanadarraren Zorion handiegia ipuin bilduma. Aurkezpen ekitaldian Nagore Tolosa itzultzaileak ez ezik, Eider Rodriguez idazleak ere parte hartu zuen. Liburuan hamar ipuin biltzen dira, eta argitaletxeak bidalitako oharrean adierazten denez, bilduma “sinesgarria eta zirikatzailea da”. Gizon eta emakumeen arteko bizipen, emozio eta gertaera zail eta konplexuak dira narraio hauetan aurki daitezkeen gai nagusiak.
Bestalde, Jasone Osorok 15 urtetik gorako gazteei zuzenduriko Ezekiel nora ezean lana plazaratu du: “Ezekielek 15 urte ditu, lagunarte jator bat, neska-lagun moduko bat… Bizitza zoriontsu hori aldatu egingo da, ordea, inoiz ikusi ez duen aita bat-batean agertzen denean: ezagutu nahi luke, batetik, baina baita alde egin izana aurpegiratu ere. Horrez gain, beste hainbat arazo ditu mutilak: arrebarekin eta amarekin dituen eztabaidak, lagunekiko gorabeherak, gustuko bi neskaren artean sentitzen dituen zalantzak…”