Deustuko La Fundición Aretoak antolaturiko Lekuz Leku, XXI. Nazioarteko Dantza Jaialdia Bilboko Hiri Inguruneetan, ekainaren 25etik 28ra bitartean izango da.
Betiko legez, ekimenak espazio publikoa hartuko du eta “herritarrak eta turistak harritu egingo ditu, dantza garaikideko ikuskizunak topatuko dituztelako hiriko lorategi-inguru jendetsuenetako batean, Abandoibarran”. Izan ere, Guggenheim Bilbao Museoaren eta Euskalduna Jauregiaren arteko kilometroa izango da agertokia hamar bat konpainientzat.
Ekainaren 25ean eta 26an, dantza esperientziarik ez dutenentzat Coreografías de la mirada/Agerikoa tailerra izango da. Eneko Lorente da komisarioa, EHUko irakaslea eta ikertzailea, arte eszenikoetan eta mugimenduan espezialista.
Ostiralean, sorturiko Gaetano Palermo italiar performerrak Swan pieza ikusteko aukera egongo da. Egun berean, artista hauen ikuskizunak ere egongo dira ikusgai: Yūgen euskal eta madrildar hirukotea, Colectivo Banquet laukote madrildarra eta Ainhoa Usandizaga gipuzkoarra. La Fundición Aretoan Natalia García Muro bizkaitarraren El espacio de los límites saioa ikusteko aukera egongo da.
Larunbateko programazioa Guggenheim Bilbao Museoaren zabaldegian hasiko da, 19:00etan, Ia, ia, alai 12 dantzariren eskutik. Matxalen Bilbao arduratzen da lanaren koreografiaz eta zuzendaritzaz. Qabalum taldeak Todo este ruido dantza-pieza eskainiko du. Horiez gain, hauek ere arituko dira: Lasala gipuzkoarrak, Carla Sisteré konpainia katalana eta Fran Sieira konpainia galiziarra. Gaua 21:30ean amaituko da Kubako Dantza Konpainia Nazionaleko dantzariek eskainiko duten Ahora bailo yo lanarekin.
Zinema ez da faltako, eta Lars von Trier zuzendaria eta Björk eta Catherine Deneuve antzezleak dituen Dancer in the Dark filma ikusteko aukera egongo da.
Jaialdiaren gaineko informazio guztia: Lekuz Leku.
