Urriaren 21era bitarte egingo da Lekeitioko Zine Bilera, eta bertan euskarazko 31 film lehiatuko dira. Horrekin batera, Handia film luzea proiektatuko da eta Kameratoiaren 13. edizioa ere egingo da.
Lehiaketan hiru atal sarituko dituzte, hala amateurretan nola profesionaletan: zuzendaritza, gidoi eta pelikularik onenak. Zuzendaritzaren eta gidoiaren kategorien harira, profesionaletan 1.600 euro jasoko dituzte sail bakoitzeko irabazleek eta, amateurretan, berriz, 1.000 euro.
Ondokoek osatuko dute aurtengo epaimahaia: Aitor Gametxo zuzendari eta muntatzailea, Arantza Lauzirika artista eta irakaslea, Natxo Rodriguez artista eta ikertzailea, Iratxe Urkiaga aktore eta umeen animatzailea eta Kote Camacho marrazkilari eta zuzendaria.
Horretaz gainera, Donostiako Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi duen Handia filma ikusi ahalko urriaren 20an.
Bestelako ekitaldi eta jarduerak ere izango dira, tartean: (H)emen (H)ere taldeak mahai-ingurua ondu du, hilaren 21ean, Zine Bilerearen 40 urteotako ibilbidea jorratzeko asmoz; Juanba Berasategik haurren txokoa zuzenduko du, hilaren 17an eta 19an; edo Kameratoia, Topaguneak antolatutako ikus-entzunezkoen rallyaren 13. edizioa.
Informazio guztia: zinebilera.com.