Nontzeberri

Lekeitioko XXXIII. Zine eta Bideo Bilera gaur hasiko da

Lekeitioko Udalak antolatuko du beste urte batez mundu mailan euskara hutsean egiten den zinemaldi bakarra, Lekeitioko Zine eta Bideo Bileraren hogeita hamahirugarren ekitaldia. Zinemaldi honen antolaketa duela bi urte hartu zuen bere gain udalak, ordura arteko antolatzaileek taldearen desegitea iragarri ondoren.

Lekeitioko lehiaketa saila gaur abiatuko da. Egunero izango dira ikusgai zenbait film labur Ikusgarri zineman. Azaroaren 23 eta 27a bitartean ikusgai izango diren 39 film labur dira lehiaketan parte hartzeko aukeratu direnak.
Lehiaketarako filmak bi kategoriatan banatzen dira; profesionalak eta amateurrak. Kategoria bakoitzean 6 sari emango dira.
Kategoria Profesionalean (12 film aurkeztuko dira) 1.600 euroko saria egongo da sail bakoitzean (dokumentala, argumentuzkoa eta sormenezkoa) eta Kategoria Amateurrean (27 film aurkeztuko dira) 1.200 euroko saria sail bakoitzean ere.

Beste aldetik, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak, Lekeitioko Udala eta Euskal Zine eta Bideo Bileraren laguntzarekin (eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren babesarekin), euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza emateko asmoz, I. Benito Ansola Bekak sortu du gazte sortzaileentzat. Edizio honetara 17 lan aurkeztu dira.

VK Comunicacionek bidalita

Exit mobile version