Aurten, Lekeitioko Euskal Zine Bileraren 40 edizioa egingo da, eta dagoeneko, zabalik da bertan parte hartzeko deialdia. Ohi bezala, lanak euskaraz beharko dute izan, edo euskarazko azpitituluekin, eta 2017ko uztailaren 31a baino lehen aurkeztu beharko dira.
40. urteurrenaren harira, hauxe iragarri dute antolatzaileek: “ospakizun honen bitartez jaialdiaren bilakaerari begiratu nahi izan diogu. Bide batez, aurrera pausuak emateko bideak jorratzen hasiak gara jaialdiaren mesedetan datozen edizioetarako lan lerro berriekin hasteko”.
Euskal Zine Bileran edozein zinegilek parte har lezake. Filmak landuta aurkeztuko dira, hasiera eta amaierarekin, eta gehienez 30 minutuko iraupena izango dute. Filmak online aurkeztuko dira, 2017ko uztailaren 31a baino lehen. Bileraren 40. ediziora aurkeztu eta onartutako filmak Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan emango dira, 2017ko urriaren 14tik 21era.
Sariak hauexek izango dira: Zuzendaritza Profesional Onena, 1.600 euro; Zuzendaritza Amateur Onena, 1.000 euro; Gidoi Profesional Onena, 1.600 euro; Gidoi Amateur Onena, 1.000 euro; Film Profesionak Onena, 1.900 euro; eta, azkenik, Film Amateur Onena, 1.300 euro.
Informazio gehiago: zinebilera.com.