Donostiako Okendo Kultur Etxean, maiatzera bitartean, Iraia Okina, Leire Salaberria, Maite Gurrutxaga, Paula Estevez eta Sandra Garayoa artisten Leihoak zabalik izeneko erakusketa ikusgai izango duzue.
“Itxialdian, konturatzen hasi ginen, batzuetan aurreneko aldiz, nolako jendeak, paisaiak eta eguraldiak inguratzen gintuzten. Meteorologia-, musika- edo gizarte-behaketaren aditu hasiberriak izatera ere helduko ginen batzuk. Leihoek errealitatearekin konektatzen laguntzen ziguten; eta errealitate horrek, gogorra izan arren, itxaropena ekartzen zigun, eta gizatiarragoak, konprometituagoak, eta, askotan, apur bat sortzaileagoak ere egiten gintuen. Baliteke gutako batzuek ikuspuntua aldatzea, bestelako begiekin begiratzea beren etxeari eta elkarturik asteak eman beharreko jendeari, edo beren leku propioa begiztatzea beste leiho askoren artean. Baziren nobedade erromantikoen bila ibiltzen zirenak, edo maitasun gutxiagokoen bila; beste batzuk detektibeak ziren, patioetan zabaldutako arroparenak, edo pareko bizilagunen geletan sakabanatutako jostailuenak. Baziren gure artean naturaren maitaleak, hegaztien askatasunaren miresleak edo baso, ibai, hondartza eta mendietan aprobetxatu gabe geratzen zen udaberriaren nostalgikoak. Etengabe erreparatzen genion geure buruari etxeen barruan eta etxeko leihoetan, eta ezin genuen asmatu zer zen geure buruen gainean zabaltzen zen tristura goibel hura, apirileko eta maiatzeko argia are ederragoa agertzen baitzen gure balkoietako beirak eta loreak laztanduz”.
Ilustrazioekin batera testuak ere jarri dituzte, Katarzyna Lebiedzińskaren Gogoratzen naizenetik marrazten dut lanean oinarriturik, eta Koro Navarrok euskaraz itzulirik.
