Nontzeberri

Lautan Hiru antzerki jaialdiaren bigarren astea

Euskarazko antzerkia hauspotzea helburua duen Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren zazpigarren edizioa martxan da. Guztira zortzi ikuskizun eskaintzen ari dira lau astetan, Bilboko zenbait espaziotan: BIRA, Cafe Bar Bilbao, Euskaltzaindia, 7Katu gaztetxea, AEKren Kalderapeko eta La Sinsorga.

Gaur, otsailak 13, bi hitzordua programatu dira. Café Bar Bilbaon, 19:00etan, Markos Goikolearen Destiny Driver gidoia, XXII. Café Bar Bilbao-Tartean saria. Bertan, Leire Ormazabal eta Koldo Olabarri arituko dira. “Bi pertsonaren arteko zita bat XXII. mendean. Gizartean gero eta zabalduago dagoen Destiny Driver izeneko software batek erabiltzaileari erabakiak hartzea errazten dio, hartzen den erabakiaren arabera bi etorkizun posible ikusteko aukera emanez. Orain, pertsonaiek erabaki beharko dute: etorkizuna beraiek irudikatu ala software honen mende utzi”. Geroago, 20:00etan, eta BIRAn, 2024ko Lautan Hiru laguntza jaso duen Alferrak, Tunanteak, Maleanteak pieza. Ane Zabala, Galder Pérez eta Aitor García de Vicuña izango dira oholtza gainean. “Pili, Mili eta Willi atzerriratutako hiru inurri dira eta nagi izateko eskubide unibertsala aldarrikatzen dute”.

Bilboko Udalak babesten du jaialdia, eta ohi legez, Euskaltzaindiak elkarlanean osatu du egitaraua, hain zuzen, Tartean antzerki konpainiarekin, BIRA Kulturgunearekin eta 7Katurekin batera.

Egitarauaren nondik norakoak ezagutzeko: Lautan Hiru

Exit mobile version