Euskarazko antzerki zikloa da Antzerki Aroa, eta aurten, urriaren 16tik azaroaren 6ra luzatuko da. Astean behin, asteazkenero, lan bat oholtzaratuko da, hortaz, lau antzezlan taularatuko dituzte Nafarroako Antzerki Eskolan (NAE), arratsaldeko 19:00etan.
Bihar (hilak 16) abiatuko den ekimenean Errege begibakarra lana egingo du Inextremis talde nafarrak. Fernando Bernuések zuzendu du Marc Crehuet antzerkigile katalanaren testuan oinarritutako lana. Obra horretan hauxe kontatzen da: Lidiak eta Sandrak denbora luzea daramate elkar ikusi gabe eta beren bikotekideak ezagutzeko afari bat antolatzea erabaki dute. David istiluen aurkako polizia bat da. Eta Ignacio berriz, manifestazio batean gomazko bola baten ondorioz begi bat galdu zuen dokumentalista sozial bat. Hori guztia presente dagoen politikari baten diskurtsoek girotuta.
Horrela hasiko da konbentzimenduen hauskortasunari, rol sozialen izaerari eta egiaren bilaketari buruzko komedia garratz hau. Errege begi bakarrak adierazpen-eskubidearen, gizarte-kontrolaren, etikaren eta moralaren arteko bidegurutzean kokatu nahi gaitu indarraren neurrigabeko erabileran.
Datorren astean, urriaren 23an, Postdatarik gabeko gutunak obra ederra ikusteko abagunea egongo da. Kepa Errastik idatzitako bakarrizketa da, eta Xake Produkzioak taldeak ekoiztuta.
Urriaren 30ean, Metrokoadroka konpainiaren eskutik, eta Marina Suarez Ortiz de Zaratek eta Oier Guillanek zuzenduta, Artxibo biluzia lana oholtzaratuko da.
Azkenik, azaroaren 6an, Olagarroa obra egingo dute Olatz Beobide, Maitane Perez eta Nerea Arriola antzezleek.