Azaroaren 24etik abenduaren 2ra egingo den Titirijai Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdiak hiru hamarkada beteko ditu. Hogeita hamar urte horietan 620 konpainia eta 540.000 ikus-entzule izan dira jaialdian. Aurtengo edizioaren leloa Joan eta Etorriko Txotxongiloak izango da, eta Latinoamerikako konpainiak izango dira protagonista nagusiak.
Orotara 56 ikuskizun izango dira Leidor Antzokian, Kultur Etxean, eta Topic aretoan. Latinoamerikako konpainiez gain, Euskal Herrikoak eta Espainiakoak ere izango dira. Titirijai, gainera, Eibar, Ordizia, Donostia edo Pasaian ere izango da.
Roberto White argentinarraren Criaturas Particulares lanak zabalduko du jaialdia azaroaren 24an. Ikuskizun horretan mimoen hizkuntza, objektuen antzerkigintzarekin uztartzen da, istorio poetiko eta umoretsuak kontatzeko.
Brasilgo Teatro de la Plaza konpainiak hiru ikuskizun aurkeztuko ditu, tartean, historian izandako magoak omentzen dituen Mago lana. Horretarako, magia, txotxongiloak, eta erroboten animazioa erabiltzen dute.
Uruguaiko Angeles de Trapok Camille Saint-Saëns-en lan batean oinarrituriko Viajeros de Carrusel aurkeztuko du. Kolonbiako Manicomio de Muñecos taldeak, berriz, Marimondaren mitoa ardatz duen Cuidado con la Marimonda obra taularatuko du.
Horiek dira Tolosan ikusi ahalko diren obra aipagarri batzuk. Egitarau osoa ikusteko, Titirijai webgunean sartu.
